Creative Commons lizentziak ofizialki euskaraz

Creative Commons lizentzien azalpenak euskaraz ere eskuragarri ditugu orain, baimenen testu osoak oraindik ez dauden arren. Aurrez komentatu bezala, Euskal Herrian duen erabilera urria kontuan izanik, aurrerapausoa izan daiteke hau. Euskarazko nabigatzailea badarabilzu zuzenean euskaraz agertuko zaizkizu testuok.
9 iruzkinetiketak: hemen: Euskara bildu
erabiltzaileen botoak: 17, boto anonimoak: 6

iruzkinak

  1. #1   Behin baino gehiagotan esan didate CC lizentziak estatuan dagoen legearekin arazoak izan ditzakeela.

    Norbaitek lizentzia hori apurtu eta edukiekin nahi duena egiten badu, ez omen dago oinarri legal on bat arazo horri aurre egiteko.

    Ba al dakizue hau horrela den ?

    Eskerrik asko.
    parreitu (e)k bidali du duela 961 egun 9 ordu 24 minutuparreitu
  2. #2   Ez dakit ziur, baina CC lizentziaren Estatu Espainolerako bertsioak Estatuko legerira moldatuak daudela uste dot. Berez, lizentzia batzuk izanik, beste edozein kontratu moduan funtzionatu beharko lukete. Epaiketarik ezean, eta Gorenera heldu arte, ezingo da guztiz ziurtatu euren baliotasuna.
    Koldotxu (e)k bidali du duela 961 egun 7 ordu 56 minutuKoldotxu
  3. #3   Inguru batzuetan ari da zabaltzen ideia copyleftarekin kulturaren banaketa positiboago baten aldeko urrats batzuk emateko aukera dagoela. Baina, oraindik, ez da behar bezala ulertzen. Adibidez, musikaren alorrean, badaude ustez irekiak diren ekimen berri batzuk (Musikherria disketxe kolektiboa eta Eremulauak webgunearen musika argitalpenerako plataforma), non diskurtso ustez irekiarekin ari diren, eta Creative Commons lizentziak besarkatu dituzten. Baina, horra ñabardura: Creative Commons lizentzia jakin batzuk aukeratu dituzte, Non-Commercial edo Ez-Komertzialak.

    Jende gaztea, alternatiboa neurri batean... Horrelakoak dira Eremulauak eta Musikherriaren ingurukoak, eta hortaz, badirudi Ez-Komertzialtasun hori guztiz bat datorrela kultura banatzeko modu berriak proposatzearekin. Alderantziz da, ordea. Ez-Komertzialtasuna ez da kultura banatzeko modu berria: betiko modua da. SGAErena, kopiak demonizatzen dituztenena. Creative Commons lizentzia ez-komertzial batekin banatzen den musika edo idazkia, kopiatu daiteke, bai, baina senegaldar batek ezingo du saldu kalean, beste talde batek ezingo du bertsioa egin kontzertu batean joz kobratu behar badu, ezkontza batean ezingo du DJ batek ipini... Hain zuzen ere, orain arteko egituren klon bat da ez-komertzialtasuna. David Bisbal baten musikak ere lizentzia Ez-Komertziala dauka: ezin duzu harekin inolako etekinik egin.

    Lizentzia benetan ireki baten erabilpen kreatiboak, biderkatzaileak, merkataritzaren ikuspegitik justuak izan daitezkeenak (edo erabat produktibo-kapitalistak ere bai, aberastasuna sor dezaketenak, eskala batean edo bestean) erdibidean, oztopatuta, geratzen dira Creative Commons ez-komertzialarekin. Hortaz, bai, Creative Commons euskaraz dugu: polita da, eta balio du. Baina, adi, uler dezagun lehenbizi, zertaz ari garen.
    luistxo (e)k bidali du duela 960 egun 14 ordu 27 minutuluistxo
  4. #4   Arrazoi dozu, Luistxo, CC lizentziak ez direla guztiz askeak; copyright-a kudeatzeko beste era bat dira.

    Hala ere, CC ez-komertzialak ez du debekatzen (edo galerazten) lizentzia horrenpean sortutako lanek etekin komertzialik ez edukitzea. Lizentzia horrenpean dauden lanen eskubide komertzialak sortzailearen esku geratzen dira eta berak erabakitzen dau bere erabilpen komertziala nola kudeatu, hots, etekin hori (dirua normalean) nola banatzen dan. Senegaldarrak saldu nahi badu, sortzealari galdetu behar dio eta honek erabaki, agian ez dio trabarik jartzen; bertsioa egingo duen taldeak sortzaileari galdetuz, igual soilik kontzertuan beraiegaz abestu nahi dau eta kalimotxo bat edan; DJak jarri nahi badu, galdetu eta agian soilik tarta zati bat nahi dau sortzaileak,... edo ez, ez die utziko. Baina erabakia sortzailearena da.
    Koldotxu (e)k bidali du duela 960 egun 11 ordu 37 minutuKoldotxu
  5. #5   CC lizentziak oso konfiguragarriak direla kontuan izan behar da, aukera asko eskaintzen baitituzte. Ez-Komertziala izateak arazo edo mugapen horiek suposa ditzake, noski, baina ezin da CC lizentziak askeak ez direnik esan. Izan ere, CC lizentzien artean Domeinu Publikokoa ere aurki dezakegu (http://creativecommons.org/licenses/publicdomain/). Ez-Komertzialena hainbat kasutarako interesgarria izan daiteke, eta Atribuzioa eta PartekatuBerdin (ShareAlike) bezalako kontzeptuen aldetik oso ongi daude lizentzia hauek.
    arkaitz (e)k bidali du duela 960 egun 9 ordu 58 minutuarkaitz
  6. #6   Koldotxu:

    CC ez-komertzialak lizentzia horrenpean sortutako lanek etekin komertzialik ez edukitzea debekatzen ez duela diozu, eta ez da horrela. Printzipioz debekatu egiten du, baina noski, zuk diozun bezala eskari baten aurrean egileak baimena eman dezake. Baina printzipioz debekatuta dago, copyright-ean bezala. Berdin-berdin.

    Arkaitz:

    Public Domain delakoa ez da lizentzia bat, dedikatoria edo eskaintza bat baizik. Gainera, bertan azaltzen duen bezala, Estatu Batuar legeentzako prestatua dago eta beste aberrietan ez dauka zergatik baliogarria izan. Beste hizkuntzetara itzuli ez bada ez da kasualitatea, legeen inkonpatibilitateagatik baizik.

    Espainiar estatuan adibidez "dominio público" delakoa beste era batera ulertzen da (jabe batek ezin du bere jabetasunari uko egin) eta nahiko argi dago Domeinu Publikoko Eskaintzak baliorik ez duela. Hona hemen horren inguruko eztabaida bat:

    http://lists.ibiblio.org/pipermail/cc-es/2005-July/000857.html
    Txopi (e)k bidali du duela 960 egun 6 ordu 8 minutuTxopi
  7. #7   Luistxo:

    Guztiz ados nago zuk esandakoaz eta bide horretatik doaz eremulauak-eko foroan jarri ditudan iruzkinak ere: http://www.eremulauak.com/foroa/viewtopic.php?id=5

    Munduratek ateratako musika bildumak ere by-nc-sa lizentzia dauka eta (webgunean behintzat) lana copyleft erakoa dela diote: http://mundurat.net/bilduma/

    Agian, era honetako gaizki-ulertuak ekiditzeko zerbait egin behar genuke, kultura libre baten alde eta gizarte aske baten alde hobeto koordinatu gaitezen lortzeko...
    Txopi (e)k bidali du duela 960 egun 5 ordu 56 minutuTxopi
  8. #8   Bide bat abiatu da. Hori da garrantzitsuena.

    Bestelako lizentziak, eta bestelako ekoizpenak egiten dituzten ekimenak ditugu orain, eta hori oso garrantzitsua izan daiteke, sorkuntza ere baden aldetik.

    Lizentzien gainean ari gara eztabaidatzen, positibo. Baina kontua da, gero eta gauza gehiago ari garela sortzen filosofia jator batekin, ustez.

    Copyleft, erabat normala gertatzen ari da mugitzen diren belaunaldi berrien artean, software librea ohikoa da, Firefox gero eta gehiago erabiltten dugu, euskaraz gauzak sortzen ditugu.... hori da bidea, duda barik.
    gaztelumendi (e)k bidali du duela 959 egun 14 ordu 43 minutugaztelumendi
  9. #9   Txopiren jarrera oso positiboa iruditzen zait. Esaten duenarekin ados egon nahiteke, gauza batzuetan ez baina... Formak bikainak dira, denok eredutzat hartu beharko genituzke.

    Mamira joanez, Copyleft, Anti Copyright, Creative Commons norabide antzekoan doazen bektore ezberdinak dira. Bektore horiek norabide beretsuan doaz beraz denak aukera egokiak momentuz.

    Batzuetan kritikak gure interesatzen zaigunarekin nahasten ditugu eta ez herriari interesatzen zaionarekin. Horregatik nik jabetza pribatuaren abolizioa proposatzen dut! Jabetza kolektiboaren alde! :-P
    teketen (e)k bidali du duela 958 egun 11 ordu 29 minututeketen

Laguntza  |  kodea: lizentzia, jaitsi  |  irudien lizentzia   |  Kontaktua: kontaktua(a bildua)zabaldu.com Baliozko XHTML 1.0 Transitional kodea    Baliozko CSS kodea!   [Baliozko RSSa]